Albisteak

 

Arakaldoko udalean badakigu egoera hau ez dela batere erraza izaten ari inorentzat, baina are gutxiago txikientzat. Beraz, zuei, herriko txikiei zorionak eman nahi dizkizuegu udaleko kideon partetik, bikain egiten ari zaretelako. Hala bada, animo eta musu pila bat gure partez, hau laster bukatuko da zuen ardurari esker!

Udaletik pentsatu dugu sorpresatxo batzuk ematea. Hori dela eta, Porrotx gurekin egongo da bideo-topaketa batean, horrela Porrotxek alaitasuna eta animo handia eman ahal izango dizkigu eta berarekin hitz egiteko aukera izango dugu, baita gure artean ere eta elkar ikusi, aspaldi ez dugu elkar ikusten eta! Bideo-topaketa hau, apirilaren 13an, astelehena, 19:00etan izango da. Bideo-topaketa horretara konektatzeko jarraibideak esango dizkizuegu hurrengo egunetan. Porrotxek berak bidali digu gonbidapena bideoz, hori ere laster bidaliko dizuegu. Amaitutakoan, txalo zaparrada botako diegu txikiei leiho eta balkoietatik, merezi dute eta.

Beste sorpresatxo bat ere badaukagu, herriko lagun guztientzat, magia eta umore ikuskizun bat Hodei magoarekin, bideo-topaketa baten bitartez hau ere bai.

Hau elebitan izango da eta herritar guztiak gonbidatzen zaituztegu parte hartzera, denok batera oso ondo pasatuko dugu eta. Gainera, Hodei magoak magia tailer bat prestatuko digu eta truko batzuk etxean nahi dugunean praktikatzeko. Hodei magoarekin hitzordua izango da apirilaren 19an, igandea, 19:00etan. Bideo-topaketa horretara konektatzeko jarraibideak esango dizkizuegu hurrengo egunetan.

Ekimen honen bitartez bultzadatxo bat ere eman nahi diogu kultura eta ikuskizunen munduari, badakigu beraientzat ere ez direla garai onak eta.

Eskaera batekin ere gatozkizue.

Izan ere, herriko gure pertsona nagusiei alaitasun, maitasun eta animo pila bat bidali nahi dizkiegu, beraz, egun hauetan, herriko umeak marrazki bat egiteko edo zerbait polita idazteko gonbidatzen zaituztegu. Marrazki eta idazki horiek Udaletxeko postontzian utzi ahal dituzue etxeko helduok. Gogoratu, ez atera etxetik soilik horretarako, utzi ahal dituzue lanerako bidean, zaborra botatzean edo etxetik atera behar duzuenean beste arrazoi batengatik. Marrazkiak Udaletxean geratuko dira egun batzuk segurtasunez eta ondoren beharrezko neurriak hartuta, herriko pertsona nagusiei helaraziko dizkiegu. Beti, baina une honetan are gehiago, elkar zaindu behar dugu eta. Marrazkia edo idazkia egiten duzuen ume guztiek sorpresa bat ere jasoko duzue.

Marrazkiak eta idazkiak, gaurtik apirilaren 15era arte egin ahal dira, ahalik eta lasterren banatu ahal izateko.

Helduak ere ez zarete lanik gabe geratuko, beste proposamen bat dugu zuentzat, “Argazkiak etxetik” egitera gonbidatzen zaituztegu, etxetik ikusten duzuen paisaia, detaileak, nola sentitzen zareten adierazten duen edozein gauza, etab. Argazki horiek emailez bidali ahal dituzue udala.arakaldo@bizkaia.org helbidera jatorrizko kalitatearekin eta argazki horiekin egutegia egingo dugu 2021erako eta herriko etxe guztietan banatu. Argazkiak egin eta bidali ahal dituzue itxialdiak irauten duen bitartean.

Besterik gabe, jaso besarkada handi bana eta animo pilo bat. Ondo aterako da.